Gozaran گذران


Iragaten dena

Frank Scheffer / 87 min. / 2012



گذران

تا به کی باید رفت
از دیاری به دیاری دیگر
نتوانم، نتوانم جستن
هر زمان عشقی و یاری دیگر
کاش ما آن دو پرستو بودیم
که همه عمر سفر میکردیم
از بهاری به بهاری دیگر
آه، اکنون دیریست
که فرو ریخته در من، گوئی،
تیره آواری از ابر گران
چو میآمیزم، با بوسهء تو
روی لبهایم، میپندارم
میسپارد جان عطری گذران
 
آنچنان آلوده ست
عشق غمناکم با بیم زوال
که همه زندگیم می لرزد
چون ترا مینگرم
مثل اینست که از پنجره ای
تکدرختم را، سرشار از برگ،
در تب زرد خزان مینگرم
مثل اینست که تصویری را
روی جریان های مغشوش آب روان می نگرم
شب و روز
شب و روز
شب و روز

 بگذار
 که فراموش کنم

تو چه هستی ، جز یک لحظه، یک لحظه که چشمان مرا

می گشاید در
برهوت آگاهی؟

بگذار
 که فراموش کنم
 
فروغ فرخزاد

IRAGATEN DENA

Noiz arte joan behar
lurralde batetik bestera
ezinen nuke, ezinen nuke bilatu
garai bakoitzak maitasun eta bidailagun desberdinak
oxala bi enara haiek bagina
bizitza guztian zehar bidaiatuz
udaberri batetik bestera

ene bada
hodei larrietatik eskonbro ilun bat
nire gainera jausi zenetik
denbora erruz iragan dela dirudi
eta zure musuak nire ezpainekin nahasten ditudanean
imaginatzen dut
lurrin iragankor batek berpizten nauela

nire maitasun hitsa galera ikararekin
hain biziaturik dago
ezen eta begiratzen zaitudanean nire bizitzak
osorik dardar egiten duela
leiho batetik, udazkenaren sukar horian
nire hostoz betetako zuhaitz bakarra
begiratzea bezalakoa da

ur lasterretako korronte bihurrietako imaginak
begiratuko banitu bezalakoa da

gauak eta egunak
gauak eta egunak
gauak eta egunak

utz nazazu
ahantz dezadan

zer zara zu, une bat baino
nire begiak zabaltzen dituen
une bat baino
jakituriaren biluztasunean

utz nazazu
ahantz dezadan



Forugh Farrokhzad. Jaiotza berria. 1964




Denbora luze baten ondoren sorterrira itzultzea erabakitzen duen iraniar bati buruzko istorio bat da hau. Ugariak dira halako istorioak Irango populazioaren artean. 3 miloiko diaspora omen du Iranek eta 1979. urteko iraultzak erditu zuen erregimenak bizirik dirauenez, askok eta askok, arrazoi desberdinak medio, herrira itzultzeko erabakia hartzen dute.

Piztia batek alimaleko denbora mokadu bat jan izan balu bezala, euren memoriaren eta gogoaren urdailetan organo batzuen faltaz, haiek errekuperatzeko hautua egin eta beharbada, ordurako gorputzak onartuko ez dizkien behin bateko atalak berrintegratzen saiatzera datozen biztanleak dira. Belaunaldi kontua dela esango nuke. Egiazki, Irani buruzko literaturan, zineman etab. genero eta enuntziazio puntu sarria dugu hori.  Errefuxiatu politikoak asko ditu Iranek; eta beste hainbeste herrari.

Kasu hontan, 30 urteko jauzia egingo duen gizonezkoa dugu protagonista, Vienan bizi eta orkesta zuzendari, enkargutzat Tehrango Orkesta Sinfonikoa zuzentzea izango duena. Pelikulan kontatzen ez den arren, esango dugu hainbat joan etorri egiten dituela Irana, hala bakarrik nola orkestrarekin. Eta kontzertu batzuk tarteko, Tehranerako dituen planek porrot egingo dutela. J. Cage, Mahler eta Bach-en lanak interpretatu ezinda geratuko da orkestra, autoritateek orkesta zuzendariak atondu programari gehiegizko eritzita. Horrela bada, erronka pertsonal gisa hartuko du Nader Mashayekhi-k. Pieza horiek berak osatuko duen orkestra partilurrarekin jotzea alegia.

2009ko hauteskunde giroan Iranen sortutako protesten artean jazo ziren gertakariok, eta hau ere pelikulan ez da kontatzen.

Portugesen saudadeaz hitz egiten da, baina ai! pertsiarren herrimin eta min anplifikatuetaz hitz egingo bagenu… musikatu eta kantatutako poeta pertsiarren olerkien alboan, motz geratuko lirateke fadoak. Negarrari emanak, dramatismo handiko gizartea eta kultura da pertsiarra. Eta pelikula, ildo beretik konposatu da.

Izaera fragmentarioa du, porrotek sortutako akademia batena. Lana irekitzen duen poema esaterako, Forugh Farrokhzaden Iragaten dena (pelikulari berari izena ematen dion poema) protagonistak errezitatzen du. Baina ez da hasieratik irakurtzen hasten, eta ez du bukatzen ere. Pelikulan zehar haren pusketak entzungo ditugu off ahotsean behin eta berriro.

Umea nintzela, egun batez, nire aita bere logelan zegoela, harengana joan nintzen. Lurrean eserita topatu nuen. Bizkarra ohearen kontra jarrita, musuzapia zuen esku batean eta harekin bildurik zuen eskumuturrari odola zerion. Hanka bat tolestatua zuen eta bestea luzaturik. Azkenengo honi begiekin jarraituz, tiradera ikusi nuen eta haren kontra, puskatutako ispilu bat. Gertatu berri zen krimen baten lekuko sentitu nintzen. Eta eskena oraindik bero somatzen nuelako da beharbada, irudi goibel hori oroimenean itsatsita geratu zitzaidala.

Egun, pertsiera ikasi eta Irango kulturari gerturatzen hasi naizen hontan, hainbatetan somatu ditut estanpa haren gisako egoeren oiartzunak. Eta film hau dateke bat. Esan bezala, (eta eritzi hau filmaren kontra doa) asmo hautsi bat da, porrot egindako plana eta zatikatutako kontaketa, aitaren logelako ispilu zartatua bezala.

Musikari buruzko hogeitamar bat pelikulako ibilbidea atzean utzita, zuzendariari irakurri diot filma hontan “buru hiztunak” (dokumental prototipikoan ikusten ditugun pertsona elkarrizketatuen collage-ak) alde batera utzi nahi zituela, irudia eta muntaiaren poetika gehiago lantzeko. Beno, nire aburuz motz eta eskas gelditu zaio filma. Besteak beste, nekagarri gertatzen dira beltzez jantzitako emakumeen irudiak karrika estuetan, ez da argi geratzen zertan geratu den… orgasmorik gabeko pelikula da baiki, sentikortasuna anplikiatzeaz abusatzen duena.