Chaharshanbe suri چهارشنبه سوری 



Asteazken suzkoa

Asghar Farhadi / 100 min. / 2006






Asghar-e Farhadik Irango gizarteko bikote harremanen formalizatze moduetan oinarrituz eraikitzen ditu bere pelikuletako tramak. Bikote harremen baitan, irandarrek beren bizitza eta desioak kudeatzeko dituzten arazoak lantzen ditu. Argi dago, prozesu hauen konplexutasuna eta sarri hartzen dituzten bidezidor gatazkatsuak ez direla irandarren arazo eta ezaugarri esklusiboak, baina bere istorioak Iranen kokatuz, bertako gizarte arauen nolakotasuna maisuki itzultzen du pantailara. Nazioartean, Ellyri buruz (2009, Dar bareye Elly) edo Nader eta Siminen banantzea (2011, Jodaeye Nader az Simin) pelikulen bidez lortu du ospea eta iaz estreinatu zuen Iragana (2013) izan da atzerrian errodatu eta ekoitzi duen lehen filma (nire aburuz, bere perfekzioan, eskasena).

Farhadi-ren filmen ezaugarri izaten dira argumentuaren eraikuntza bihurri eta korapilatsuak, bere istiorioak norabide anitzeko harremanen gurutzabideetan jazotzen baitira. Chaharshanbe suri-ren kasuan, Irango gizartean nortasun pertsonalak eta famili-nortasunaren irudiak duten garrantzia berebizikoak izanik, txutxumutxuek eta zurrumurruek gidatutako gatazkek gidatzen dute istorioa. Familiaren irudi duin bat eraiki eta berau kudeatu eta defenditu beharrak, maleruski, irandarrak esames eta gaizkiesanen filtrazio lanetan profesional egiten ditu. Besteen bizkar hitz eginez eta zurikeriaz jokatuz, ohoreak eta errespetu forma linguistiko eta performatiboak eguneroko kontuak dira.

Chaharshanbe suri-n, senar-emazteen arteko gatazka bat ardatz, bizi diren etxe-blokeko bizilagunen artean informazioak nola hegan, dantza eta gira egiten duen ikus dezakegu. Irango egutegiko egun seinalatuetariko baten giroan kokaturik, istorioaren bizipena estresagarri eta deseroso suertatzen da (1). Testuinguru zehatz bat baliatzearen bidez, arazo pertsonalez jardutea eta hauek konpontzea zailtzen duen inguru zaila transmititzen da. Izan ere, chaharshanbe suri-ko itxapero eta lehergailuen eztandek traba egiten ez dutenean, bestelako zaratek zailtzen baitituzte elkarrizetak Iranen; nik ezagutu dudaneraino behintzat hala da.

Chaharshanbe suri eguna, urteko azken asteazkenean ospatzen den jaieguna da. Jatorri Zoroastiarra atxekitzen diote eta bazter danak iraultzen dituen egoera den neurrian, autoritateek ez dute oso gustuko izaten. Halabaina, jaieguna leuntzen saiatzea galdutako borrokatzat dute. Umeek eta gazteek sekulako artsenalak maneiatzen dituzte egun hartan. Hiriko kalerik zokoenean ere, sua pizten dute bizilagunek, haren inguruan dantza egin eta bere gainetik salto egiteko. Gauaren iluntasunean, zarataren kaosean, jendetzaren nahasmenean lasatzen dira hor nonbait gizarte arauak, kotxeko ateak zabaldu, musika topera jarriz eta sexu desberdineko eta famili loturarik gabeko pertsonak elkartzea ahalbidetzen du giroak. Noruz-aren edo urteberriaren lehen zeinua da, khaane tekuni-arekin batera (2), egun batzuk lehenago iada somatzen hasten dena.


1. Jafar Panahi-k Hau ez da filme bat (2011, In film nist) pelikulan errekurtso bera baliatzen du. Kasu honetan, etxeko atxilopean den zinema zuzendariak bere egoera erakusten du eta kanpoko erreferentzia nagusia zarata, sua eta kaosa izanik, gerra bat gertatzen ari dela dirudi.

2. Khaane tekuni-a noruz (urteberri) aurreko egunetan zehar burutzen den etxe-garbiketa da. Urte aldaketarekin, etxea goitik behera eta azken izkineraino garbitzeko ohitura dute irandarrek. Etxeko altzari eta traste denak mugitzen dituzte horretarako eta leihoetatik zintzilik zein etxe atarietan orotariko etxetresna garbitu-berriak ikustea gauza aski arrunta da, urteko azken astean zehar.