Toughi طوقی


Usoa

Ali Haatami / 120 min. /1971






Kashandik Tehranera auto batean nindoan. Lagun batekin Viber bidez mezuak trukatzen ari nintzen. Halako batean, tarte luzez erantzunik eman ez nuela eta, ondorengoa idatzi zidan:


 تخمه ی کفتر نخوردی؟
uso arrautzarik ez duzu jan?

Atsotitza ezagutzen ez nuenez gidariari galdetu nion, mezua ozen irakurriz, esamoldearen esanahia. Irribarre egin zuen. Eta erantzun guk, uso arrautzak jateak hitzari bide ematen dion sinesmena dugu. Alegia, haurrei ematen dizkiegu, lehen hitzak esaten hasten direneko garaian, hizketak bide har dezan, jarioa laguntzeko edo. Hortik datorkigu تخمه ی کفتر نخوردی atsotitza. Isilik geratu denari esaten diogu.

Hiru egun eman berri nituen Kashanen. Ez zen aparteko ezer gertatu, ez nuen aparteko ezer ikusi ere. Ez behintzat zernahi bisitarik ikus edo bizi dezakeen apartekorik. Eta horiek esan gabe doaz.

Guk usozale asko dugu Kashanen bota zuen gidariak. Usozaleek usoak batzen dituzte etxeetako teilatuetan. Gutxi batzuekin edo bakar batekin hasten dira eta poliki poliki euren uso sorta osatzen dute. Erakusten diete, etxekotutako usoei, hegaldia altxa eta artean basa diren beste usoak erakartzen. Nahikoa lehia izaten da usozaleen artean, zeinek uso gehiago eta hobeago edukiko. Apustuak ere egiten dituzte. Baina gaizki ikusitako zaletasuna da usozaleena. Teilatuetan ibiltzen dira, denbora luzez ibili ere. Eta teilatuz teilatu ibiltzeko aukera dutenez, etxeetako patioetara bistak dituztenez, emakumezkoak euren eremu pribatuetan ikusteko aukera dute. Zaletasun “luti”a da, kaleko txuloena.

Bada lutien ezaugarri ez de ba hitzen jario erraza, esapide eta esamoldez jositakoa!

Pelikula bat ere badugu, Behrouz Vossoughi-k antzezten duena. Pelikula honetan Vossoughi usozale amorratu bat da.

Hiru hilabete beranduago lortu dut aipatu filma ikustea. Gamelu bati erosi niola uste nuen baina dvd-aren arrastorik ez eta kalitate eskasean, Youtubeko kopia ikusi behar izan dut. Sorpresa izan da, pelikula Kashanen bertan kokaturik dagoela ikustea. Lehenago esana dugu, agertoki klasikoak erabiltzeagatik da, esan nahi baita arkitektura historiko persiarrak, besteak beste, Ali Hatami zuzendaria ezaguna. Ez ote dira filmean ikusitako etxeak eta jauregiak Kashango egonaldian ikusitako berberak!

Testing Democracy. 2000. M. Makhmalbaf

Ghost Dog. 1999. Jim Jarmush

No hay comentarios:

Publicar un comentario