Maadar مادر


Ama

Ali Haatami / 108 min. /1991




Ali Hatami (Tehran, 1944-1996) irandarrek loriatutako zinema zuzendari bat izan zen. Atzerrian sona gutxi izan bazuen ere, bere pelikulak oso maitatu dituzte herrialdean. Horien artean kokatzen da Ama (Maadar), hau ere, zuzendariak herriko folkloretik eta kulturatik abiatuta filmak sortzeko izan zuen joeraren erakusle. Atzerriko hizkuntzetara itzuligaitza den pelikula da. Esaera, atsotitz, poema eta pertsiar hizkuntzaren bere berezko eraikuntza linguistikoez betea egonik, jatorrizko bertsioan soilik ikusia izan daitekeen artefaktu zinmeatografikoa da. Pertsiera ikasi duenak ere, inmertsio linguistiko sakon eta zabala egin ezean, galdutzat eman dezake pelikula honen ikustaldi-entzunaldia (inmertsoa gauzaturik ere, nik uste, zail edukiko lukeela).

Gaixorik eta zaharturik, hiltzear den ama batek etxean jaso nahi du heriotza. Geratzen zaizkion egunak bere seme-alabak inguruan dituela bizi nahi dituenez, hauek konbokatu eta aspaldi ez bezala, jaiotetxean elkarrarazten ditu. Giroa ez da samurra, haserreak eta iraganeko istorioak tartean baitira. Otorduan errepresentatzen da hobekien anai-arreben arteko zatiketa. Batak besteari bizkar emanez bazkaltzen baitute. Edonola ere, egunak aurrera joan ahala, egoera samurtzen joango da, berriro ere adiskidetu arte.
 
Teatro tradizional baten gisan, Ali Haatami arketipoez baliatzen da pertsonaiak eraikutzeko orduan (ama, haurdun den alaba, atzerritik datorren alaba, seme poeta, seme dash-mashti-a, seme eroa eta aita bereko baina beste ama baten semea). Lokuzioak, esan bezala, atsotitzak dira: kaletarrak, literarioak, tradizionalak…