Dayereh Mina دایره مینا 



Minaren zirkulua

Dariush Mehrjui / 101 min. / 1978







ما از ان پاکدلانیم که زکس کینه نداریم
یک شهر پر از دشمن و یک دوست نداریم


gu, gorrotorik gabeko bihotz aratzak
adiskiderik ez (dugu) etsaiez betetako herrian





Irango Shahren erregimenaren azken hamarkadetan, herriaren ekonomiak jasandako gorakadaren ondorioz sortutako bazterketa, korruptzio eta gizarte desberdintasun egoerak erakusten ditu filmak. Pelikulan, zinema kinkia gogorarazten duen nerabe xelebreak bihurtzen du irudia mugimendu. Tehrango ospitale batetara aita eramanez lehenengo, bertako erizainen limurtze jolasetan sartuz gero eta zakarra lortzeko trepetatan murgilduta azkenerako.

Testuingurua beraz, ospitale handi bat da. Ongizate gizartearen instituzio behinenetarik bat, zeinaren ateetan zain aita seme parea dagoen (Kafkaren Legearen parean ipuina gogoratu). Aldi berean, haren erreflexua proposatzen da: eraikin abandonatuan antolatutako odol-emate negozio ustela. Bertan, diru premian, sos batzuk inguratzearren haien bizi fluxuak salduz odolusten ari diren drogazale, mozkor eta landerren giroa sortzen du filmak. Ospitalean aldiz, biziaren kudeaketa boterea kapitalizatzen duen klase espezializatua dugu. Mediku taldeak, axolagabeki lanean gehienak, garaiaren oparotasunaren adierazleak dira. Odol emaileak (bai eta haien odola jasotzen duten eriak ere), garapenaren suziri argiek erakusten dizkiguten baztertuak dira.

Ali, nerabe ederrak, plano biak zeharkatzen ditu. Mugalari gisa, bateko eta besteko errealitateen arteko gako eroalea da, osasun sistema eta sistema ekonomikoaren gorputzaren hodietan barrena, bakteria gisa organo desberdinak bisitatzen ditu. Beharrak jota lehenengo, nola edo hala irabazitako kapitalaren kurpilean sartuko da. Plazer eta lukurreriaz geroago, errealitatearen gainetik egotearen sentipenak puztuta, hordagoak harroki jaso eta botako ditu.

Oraindik eraikitzen ari den (eta jakina, suntsitzen) Tehran baten zenbait bista ditugu pelikulan. Passoliniren Uccellacci e uccellini (1966) pelikulan bezala, eraikitze-suntsitze bidean dauden bitarteko hainbat espazioetan alderrai dabiltzan aita-semeak ikusten ditugu, etorkizuneko autobide, auzo eta industriguneak zeharkatzen. Karrusel gisan, istorioa, garaiko Tehranen panoramika bat egiteko aitzakia da.






No hay comentarios:

Publicar un comentario