Voices of Bam

Bameko Ahotsak

Aliona van der Horst - Maasja Ooms / 89 min. / 2006




 
Geltoki edo pasabide bezala bizi daiteke hiria. Arrotzari, bizileku eitekoa baino, geltokiaren edo pasabidearen gisakoa gerta dakioke bertako bizimodua. Nork, jendea etengabe heltzen eta alde egiten ari den koiunturan, zirkuitu desberdinak sortzen direla sumatzen du eta behar edo interesen arabera, badaiteke, horietako batzuetara gerturatu edo sartzea (bai eta berriren bat probokatzea ere...). Kultur esparruko zirkuluak dira hauetarik batzuk, beren juntetxe propioak dituztenak. Idazten duen honek, tarteka, halako bakar batzuetan muturra sartzen du eta orain gutxi gertatu zaio, zinema pertsiarrarekin tematuta egonik, Bameko Ahotsak izeneko filmaren emanaldiarekin topo egitea. Zuzendaria ere bertaratuko zela ikusita, ez zuen zalantzarik egin. Richter eskalan 6,6 graduko lurrikara batek Bam izeneko Irango antzinako hirian sortutako tragediari buruzko film bat egitera joan zen zuzendariaren lana ikustekotan, Kataluniako Filmategira joan zen. Datozenak, ohiko eran, pelikulari buruzko ohar batzuk dira.

Tragedia bat jazo den lekura joan eta zer nolako pelikula egin?
Antza denez, lurrikararen gertakariak, zuzendariak aspaldidanik Iranera joateko gorderik zuen gogoa piztu baino ez zuen egin, inoiz Iranera joateko buruan zerabilen gogoa haizatu eta detonatuz (1). Hortik aurrerakoa, lan talde berak Iranera egingo dituen hiru bidai izango dira (beste gauza asko ere bai seguru, baina ez zituen aipatu). Antza denez, lurrikara gertatu eta sei hilabete geroago hasi ziren lekuan bertan lanean. Hiru bidaiak lan talde berdinarekin egingo ditu zuzendariak eta lehenengo bietan kamera barik jardungo dute. Lehen bi bidaietan egindako landa-lanean mamituko da filma, batik bat, eurekin eraman zuten soinu-grabadorak emaniko emaitzetatik. Bertan zeudela, pertsonek, beren hildako senideen argazkiei begira ozen hitz egitea gauza arrunta zela ikusi omen zuten eta adierazpide horretatik tiraka, hoteleko gela bat sasi-estudio edo sasi-aitorleku modura atondu eta jendea gonbidatzen hasi ziren. Argazkiak eskuan, grabagailuaren alboan hitz egin zezaten eskatzen zioten bertako jendeari. Erreparorik gabe, zorigaiztoaren zamarekin, noski, baina heriotza ikusezinaren eta aipaezinaren kategoriara eraman ez eta eurekin bizi den zera bezala sentituz, konfesioak egin zituzten han, aparailuaren parean. Pentsatzekoa da, aitorleku inprobisatu horretan gertatu zena bizitzeak, pelikularen egituratzerako, prestatu zituela bai zuzendaria eta baita bere lantaldea ere. Dirudienez, lehen bi bidaietan jasotako audio-material horiek osatuko zuten, gerora, pelikularen lehen muntaia. Hirugarren bidaia, ahotsen muntaia hori irudiekin osatzeko bidaia izan zen. Alabaina, Bameko lurrikara entsegu nuklearren ondorioz gertatu zela zioen zurrumurruen aitzakiapean zuzendaria aireportuan atxilotu eta etxera bueltan bidali zuten (poltsan erradiazio detektore soil bat omen zeraman eta zerbitzu sekretuek eragotzi zioten sarrera). Pelikula errodatzeko baimenak erraztu zituen salbuespen egoera honek (Iranen errodatzeko baimenak lortzea zinez zaila omen da) oztopatu zuen Alionaren azken bidaia. Gauzak horrela, gainontzeko kideek euren kasa burutu behar izan zuten errodaje lana. Beraz Bameko Ahotsak “zuzendaririk gabe” errodatutako filma dugu. Aurretik ondo egindako lanak eta horretarako asmatutako metodoak (eta langileen gaitasunek, ziur naiz) erremediatu zuten filma.Bi faktore interesgarri beraz: alde batetik, hastapenean pelikula soinu-muntaia bat izatea eta bestetik, zuzendariaren errodaje garaiko absentzia fisikoa. Biek ala biek, kameralariaren eta soinulariaren erronka bilakatuko zuten proiektua.

Emaitza: tarteka gurutzatu arren, paraleloki aurrera egiten duten eta flotatzearen sentsazioa sorrarazi nahi duten soinu eta irudi lerro bi dira pelikula. Ikusten dugun irudian zuzeneko soinu geruza batekin kokatzen gara, baina oro har, hauen gainean muntatutako hildakoen senideen ahotsek dute presentzia nagusia. Pelikularen ardatza, bi eremu desberdinetatik jasotako materialak nahastetik sortzen den giroa lantzerakoan sortuko da. Hildako pertsonen argazkiak lurrikarako bizirauleen ahotsarekin, bizirauleen eguneroko bizitzako irudiak aurretik soinu-grabadoraren aurrean egin zituzten aitortzekin etab. Lan-era bezala interesgarri suertatzen den horrek ez du horren emaitza osoz osoa gauzatuko. Pelikula-pelikula bat egiteko beharrak bultzatuta seguru, hainbat pertsona pertsonai bilakatuko ditu. Bizia dramatizatzeko joeraren koipeak, nire begietara, filmaren digestioa zaildu egiten du. Eta enbutu gisa muntatuta dagoela aintzat harturik (zarata eta jendartetik hasten dena –oso ongi-, poliki-poliki, pertsonifikaziorantz eta dramatizaziorantz eginez –okerrago-), horrela izan ez balitz, zer pelikula klase irtengo lukeen pentsatzeko posturan uzten zaitu.

Koska horretaz gain, goraipatzekoak dira 16mm.ko kamerarekin errodatu dituzten plano luze eta bikainak. Mugimenduan hartutako azken plano sekuentziak ez du desperdiziorik.

(1) Beno, berak modu erromantikoagoagoan kontatu zuen hau: ba omen zebilen, 2003ko eguberri egunean, Holandako hondartza batean bere senarrarekin pasiatzen. Halako batean, batak besteari esan dio: badut Iranera joateko gogoa; bai, hiri zahar hori bisitatzeko desioa, nola da bere izena… ai, ezin dut gogoratu, eta zuk, gogoratzen duzu? Ezin izan omen zuten izena gogoratu. Halabaina, ostetik etxera heldu eta telebista piztu zutenean, Bameko hiriaren ezbeharrak kontatzen omen zituzten notiziek.