Sib سیب 



Sagarra

Samira Makhmalbaf / 86 min. / 1998




Sagarra (Sib) Samira Makhmalbafen lehen luzemetraia da. Esan dezagun, aitaren akuilupean egindako pelikula izan zela. 14 urterekin eskola utzi, haren zinema-eskola proiektuan sartu eta 5 urtez luzatutako hezkuntza biraren osteko fruitua dugu (horixe ba, fruitua, sagarra). Beraz astinaldi bezala, ongi dago, baina pelikulak badu oraindik heldu gabeko gogo baten joeratik zehozer, Irango zinema berria deritzan horren poetika sinboliko nekezarekin nahastu izan ez balitz, hezurrik behartuko ez zukeena. Metafora esajeratuez ari naiz, figura eta errepresentazio esanguratsuen sukarraz. Esan gabe doa, diktadura baten pean eginiko filmak direla gehientxuenak.

Pelikularen asperduratik libratzen ez gaituen arren, ongi eta ongiegi dagoen ezer egon, bada. Sib, gertakari erreal batean oinarrituta dagoen pelikula da eta gertakari hortan inplikatutako pertsonek beraien burua pelikulan antzezten dute. Gertakari hartako pertsonak eta pelikulako gertakariko pertsonaiak biak eta bat dira (1). Aitak, amak eta alabek euren etxeko dramari berrekingo diote, behin bizilagun batek egoera salatu, gizarte zerbitzuek egoeran interbenitu eta gertakaria notizia bihurtu eta zabaldu ondoren: errekurtso ekonomikorik ez duen eta limitazio fisikoak dituen (besterik ez esateagatik) bikoteak alabak etxean atxilotzea erabakitzen du. Alabak ez dira 11 urtez etxetik irtengo.

Aldarri feministadun L´enfant Sauvage (Truffaut, 1970) edo Kaspar Hauser (Herzog, 1974) bat da Sib. Emakumearen bizi baldintzak mugako adibide baten bitartez seinalatu nahi dituena. Behin "askatuak", 11 urtez etxean giltzaperatuak izan diren bi neskek jasoko dituzten lehen lezioak sukaldatzen ikastea eta harropak garbitzea izango dira. Bien bitartean, gertatzen ari dena etxeko  leihotik begiratzen duen emakume bat ikusten dugu (Kelideko leihoa gogoan -Forouzesh, 1987-). Gainontzeko emakumeak egoera berean direla edota nesken etorkizuna halakoxea izango dela iradokitzen digun kontra-planoa da.

Gainontzean, aipatzekoak dira:

bat; pelikulako gizonaren "lanbidea" Irango zenbait auzunetako kaleetan entzun eta ikus daitekeen lanbidea da. Xelebre gisa pintatu didate niri, hari buruz hitz egin didatenean. Gure afiladorearen modukoa, Panen txirula (!) jotzen ez duen arren oihuka anuntziatzen du bere burua, namakiiiiiiiiie nun khoshkiiiiiiiiie! deiadarraz (gatz zalea hemen daaaa ogi sikuuuuua). Izan ere, Iranen ogiari tratamendu berezia ematen baitzaio. Ez da gainontzeko zaborrarekin batera botatzen. Bildu egiten da eta bada, apurrak etxez etxe jaso eta trukean gatza (edo izotza, filmean bezala) ematen duenik.

bi; pertsonaiek ateak ireki eta itxi, itxi eta ireki igarotzen dute pelikula guztia. Horra zinema iraniarraren obsesioetarik bat: ateak!

hiru; Samirak, bere aitak zuzendutako Bāisikelrān pelikulan (Mohsen Makhmalbaf, 1987), oraindik neskatila bat zela, aktore lanak egin zituen. Gogoangarria da eta koaderno hontan iada aipatua, pelikulako azken eskena, zeinean sagar bat esku batean duela, gurdi gainetik, mutil lagunari begira adio egiten duen. Lotura berezi bat dago irudi horren eta Sib pelikularen artean, zinema zuzendariek hainbeste gustuko dituzten pelikulen arteko justura horietako bat.

(1) Abbas Kiarostamik Lehen planoa pelikulan (Namaie nazdik, 1990) berdina egin zuen. Ez zuen erreferentzia hori hurrun ibiliko Samirak. Ala niri bestelakoak falta zaizkit.







pelikulan kantatzen den poema eta itzulpena euskaraz:


یا ربّ از گردش ایام زبس دلگیرم
دیگر از عمر گرانمایه الهی سیرم
یا به زندان برسان مرگ مرا یا اللهّ
یا نجاتم بده از زیر غل و زنجیرم
کنج زندان بلا مردم و امّا افسوس
من ندانستم آخر چه بود تقصیرم
زغریبی نکنم ناله به زندان یا ربّ
زانکه از روز ازل بوده چنین تقدیرم

ai! jauna bizitzaren joanaz arras nekaturik nago
ene bada, iada nahikoa dut bizitza baliotsu hontaz
ekarridazu heriotza oh jauna,
ala salbazioa emaidazu ene! kateetatik askatuaz
zorigaitzaren gartzela zokoan hil nintzen baina tamalez
ez nuen inoiz zertan erratu nintzen asmatu
bizi hontako bakardadeaz ez naiz kexu ene jauna
hastapeneko egunetik hori izan baita nire destinua






bat
bi



hiru