Un shab ke barun umad ya hamase rustazade-ye Gorgan اون شب که بارون اومد یا حماسه روستازاده گرگانی


Euria egin zuen gau hura edo Gorganeko mutilaren epika

Kamran Shirdel / 35 min. / 1967



1967ko urriaren 21ean, gaueko 8:35etan, Gorgan-go Bandar Shah-tik Firuz Kuh-rantz tren bat irten zen. Bidean, trenbideko matxura baten ondorioz, trena gelditu behar izan zuten. Gertakari hori da filmaren arrazoia. Bai eta bertako pertsonaien arteko adostasun bakarra. Izan ere, beste guztiak eztabaidarako eta elkarri tildeak botatzeko arrazoi, hipotesi eta argudio saldoak dira. Gertakari edo ezmez baten baitako pelikula antolatzen du Shirdelek. Gertakizun polemikoa, antza denez, bere egiazkotasuna frogatu ezinik geratu zelako eta delako, oraindik orain. Dokumentalak, hipotesi desberdinak argudiatuz ageri diren pertsonen testigantzak jasotzen ditu, oro har, gertakarian inplikatutako pertsonak eta kazetariak. Hortaz filmak epaiketa sekuentziatu baten forma hatzen du tarteka (hortan laguntzen dute hautatzen dituen plano eta enkoadre motak, epaigelan deklaratzen ari den jendearen gisakoak). Bestalde, Qal`eh-n bezala, argazkiak txertatzen dira pelikulan, baita egunkari errekorteak eta informe ofizialak ere. Dokumental antropologikoaren imintzio bat dagoela ere esan daiteke, istorioa kokatzeko, gertakizuna jazotako herriaz eta haren biztanleez egiten duen deskribapenaren nolakotasunean. Pelikula kuriosoa eta gai esanguratsua dira, behinik behin. (1)

Baina bidaiarien tren bat zen ala armadarako materiala zeraman zama-tren bat? Trenbidea matxuratutako lekutik 2800 metrotara ala 800 metrotara geratu zuten? 12 urteko mutil koskor batek ala trenaren gidariak eta langileek eman zuten matxuraren berri? Istorioaren egiak, edota nahiago bada, historiaren hegiak dantzan ari dira. Muntaiaren forma, landu nahi duen edukiarekin mimetizatzen dela dirudi eta ildo hortatik, asmo esperimentala antzematen zaio filmari. Gaiak irudiaren tratamendua bustitzen du eta horrela hartzen du forma pelikulak. Testigantzak eta irudiak gainjarriz eta tenkatuz, plano azkar eta gurutzatuak sartuz, erritmo bizkortzeak baliatuz (edo kopiaren akats bat da?), irudi errepikapena eta atzeranzko kamerak erabiliz osatzen da pelikula. Egia porrusalda bat omen da eta lapikoan sartzen den orok laguntzen du egosketa.

Istorioaren alderdirik interesgarriena, hala ere, gertakaria teknikoki eta objektiboki horrela jazo ote zen argituko luketen datuak alde batera utzita, Irango eskola liburuetan istorio horrek duen lekua da. Alegia, Irango oinarrizko hezkuntzako 2.? 3.? mailako liburuetan ageri den istorio bat dugu Gorgan-eko semearena eta Irango haur orok irakurri eta jokabide eredu bezala ikasten du trena gelditu zuen haurr haren kondaira. Egia esanda, haurren kondairak Irango eskola liburuetan badira batzuk eta tipologia bertsukoak gainera (datorren postean sartuko ditut horietarik hiru ipuinen intzulpen, adibide gisa). Haur sakrifikatuak deitzen dituzte eta arrotasun nazionalaren zeinu dira, jarraitu beharreko eredu. Gorganeko seme honena dugu bat eta nago, horixe izan zela Shirdelen asmoa, bere herrialdeko abertzaletasuna pixka bat zirikatzea.

Gogora dezagun Shirdelek modernizatzen ari z(ut)en Iran baten zeinuetan arreta jarri zuela. Qaleh-n eta Tehran, payetakhte Iran-en Teherango urbanismoaz eta teherandarren bizi baldintzetaz ari da, Paykanen Irango auto nazionalaz, Nedamatgah-n kartzelaz eta Un shab ke barun umad-en trenaz (herriaren modernizazioaren zeinu). Irango nazionalismoaren zimurrak erakutsiz ikusten dugu Shirdel, kritikoki batzuetan, ironikoki bestetzuetan. Guztietan ala guztiean ageri da, delirio nazionalistaren seinalatze bat (honakoan delirio nazionalistaren erdian sortzen diren bertsioekin deiliirio filmografiko bat sortzen du)

Aurrekoarekin lotuta, aipagai dugun pelikulan ikusiko ditugu herrixka batetako haurrak, eskolan, bandera jasoz eta orduko Irango ereserkia abestuz (beharbada ohikatuz esatea zuzenagoa litzateke). Shah-ren garaiko biztalneriaren eskolaratze egitasmoen eta alfabetizazio programen lehen emaitzak dira. Irakasleen faltan, soldaduak bidaltzen zituzten egun batzutan zehar herrixketara, eskolak ematera. Medikuekin ere antzera gertzatzen omen zen. estatu-zerbitzuak egitera bidaltzen zituzten garai haietan. Halako soldadu bat ageri da filman, eskola orduak gidatzen. Bertan irakurtzen ari dira trena geratu zuen haurraren ipuina. Zehazkiago, trena geratu zuen haurra ari da trena geratu zuen haurraren ipuina irakurtzen... eta trama interpretu nahi izanda ere, momentu bat ailatzen da non eta zaila den jakiten zeinek edo zerk irakurtzen duen zer, edo zein. Ikuspegi hortatik, haur heroiarena, auto-betetako profezia baten emaitza izan ote zen pentsatzera garamatza.

Gertakariaren baitako gezurtatze-argudiatze dantzan, Shirdel-ek ez du batekin ala bestearekin bat egitera ikuslea gonbidatzen. Ez da batera ala bestera posizionatzen eta urrun da gertatuaren gaineko erabateko baieztapen bat egitetik. Halabaina, hainbatetan erakusten digu topatu lekuko eta informanteen artetik, gertatuaren  bertsiorik zintzoena zeinek izan dezakeen. Elkarrizketatzen ez duen pertsonaia bakarra da hori. Behin eta berriro txertatzen du haren fotograma narrazioaren harian. Herriko idiota da. Hark gordetzen du egun deituko genukeen kutxa beltza.



Pelikula abesti batek ixten du oraingoan ere, ohar bezala diot (beste filmetan ere halaxe ixten ditu kontakizunak Shirdel-ek). Bestalde, berrikuspenerako utziko dut, apunte gisa, pelikula honek Davandeh-rekin izan dezakeen harremana. Ez al dira ba bi pelikuletan haurrak trenen atzetik korrika ageri?




(1) Filmeko lehen irudiak Kamran Shirdelen zinema, dokumental industrialetik gertu kokatzeko arrazoi bat izan daitezke, Paykan (1970) pelikula gogoratzen badugu gainera, hareago eta gehiago. Egunkari paper bobina zuriekin hasten da rotatiba batetako martxa erakusten du gero. Datorrenaren aurrekari bat izango da -nola sortzen eta sustengaten diren egiak, eta egitateak-, pentsatzen dut, egiaren erreprodukzio makinikoarekiko faszinazioaz bustita.

No hay comentarios:

Publicar un comentario