Mutil sakrifikatuen inguruko ipuinak (II)




Mutiko sakrifikatua - پسر فداکار


Petros Herbeheretako mutil koskor eta ausart bat zen. Herbeheretan badira lur batzuk itsasoaren mailatik behera daudenak. Itsasoko urak lur horiek estali ez zitzan dike lodi eta luzeak eraiki zituzten. Petrosen aita horietako dike baten zaintzailea zen. Egunero, goizez etxetik irten eta dikearen egoera egiaztatzera joaten zen.

Egun batez, Petrosek amari galdetu zion: zergatik joan behar du aitak egunero dikea egiaztatzera? Amak erantzun zion: joango ez balitz, posible litzateke ur tanta bat zulo batetik irteten hastea. Hori gertatuko balitz, denbora asko ez litzateke igaroko zuloa poliki-poliki handitu, itokin bihurtu eta tantaka-tantaka uholde bihurtu arte. Beraz imajina dezakezu bai zuri, bai niri, nola bizilagun eta herriko jendeari zer gertatuko litzaigukeen. Petrosek galdetu zuen: orduan dikean zulo bat sortu eta aita bertan ez balego zuloa nork itxiko luke? Amak txantxetan esan zuen: mutil koskor batek bere hatzaz itxiko luke.

Udaberri hasierako egun batean, amak Petros alboko herrixkan bizi zen lagun batengana enkargu bat egitera bidali zuen. Oso egun alaia zen. Izotzak urtu berri eta idi-bihotzak loratu berri ziren. Saldotan, neguaren hotzetik lurralde epeletara migratu zuten zikoinak zeruan ageri ziren. Petros dikearen albotik oinez zihoan eta aldian behin zeruan mugitzen ziren hodei zuriak begiratzen zituen. Tarteka, udaberri etorri berriaren zeinu, ernetzen hasitako zuhaitzak begiratzen zituen.

Arrats behera zen eta gaua gero eta gertuago zegoen Petrosek herritik etxerako bidea hartua zuenean. Petrosek txorien, xakelen eta bere urratsen hotsak besterik ez zituen entzuten. Bat-batean tanta-jario bat entzun zuen. Dikera gerturatu zenean, zulo batetik ura tantaka irteten hasia zela ikusi zuen. Supituki, amaren esanarekin gogoratu zen: denbora asko ez litzateke igaroko zuloa poliki-poliki handitu, itokin bihurtu eta tantaka-tantaka uholde bihurtu arte. Ingurura begiratu eta ez zuen inor ikusi. Gauzak horrela, behatza zuloan sartu zuen. Uraren jarioa eten zuen arren, hatza hoztu zitzaion. Norbait bertatik pasa arte denbora asko ez zela igaroko pentsatu zuen. Denbora igaro zen, eta bertatik inor ez zen pasa. Behelainoa sartu zen. Txoriak lotara joan ziren eta xakelek ez zuten gehiago kantatu. Dagoeneko, Petrosek ez zuen bere eskua sentitzen. Hala ere, ez zen behatza dikeko zulotik ateratzera ausartzen ez litzatekeelako denbora asko igaroko zuloa poliki-poliki handitu, itokin bihurtu eta tantaka-tantaka uholde bihurtu arte. Eskua ezin sentiturik, oihu egin zuen: aitatxo! aitatxo etorri bizkor! Baina ez zuen erantzunik jaso. Bere kolkorako zera esan zuen: gorputzak eusten didan bitartean ez dut behatza zulotik aterako. Ez da txantxa, aitak, amak eta herritar orok bizia galduko bailukete. Nola ez naiz ba aitarengatik, amarengatik eta herrikide ororengatik sakrifikatuko.

Ondoezik, burua lainotu zitzaion. Gaua, beltz-beltz zegoen. Urrunean uluka ari zen hontz baten lantua izan ezik, beste hotsik ez zuen entzuten. Orduak igaro ziren eta amaitu zen arte gauak aurrera egin zuen. Eguna argitzen hasi zen eta eguzkia sortu zen neurrian, behelainoa ostendu zen. Oraindik, Petrosen behatzak dikeko zuloan zirauen. Petrosen aita eta ama ez zeuden hain kezkaturik, izan ere, euren semeak gaua herrian igaroko zuela pentsatu baitzuten. Goizean goiz, beti bezala, Petrosen aita dikea egiaztatzera irten zen. Oraindik ez zen asko ibili dikean pausatua zen ume bat urrundik ikusi zuenean. Habiadura bizkortu eta dikera gerturatu zen. Petrosek behatza dikearen kontra zuela eta erabat zurbil zegoela ikusi zuen.

- Kontxo, baina zertan ari zara hemen Petros? Mugi bizkor, eskolara berandu helduko zara-eta.
- Aitatxo, ur-jarioa eten dut. Amak hainbatetan esana zuen: denbora asko ez litzateke igaroko zuloa poliki-poliki handitu, itokin bihurtu eta tantaka-tantaka uholde bihurtu arte...

Bere hitzak oraindik bukatu gabe zituela begiak ilundu eta arnasa bete ezinik lurrera erori zen. Aitak zirrikitua behin-behinekoz estali zuen. Semea bizkarrean hartu eta etxera eraman zuen. Amak Petrosen eskuak eta oinak igurtzi zituen, janari beroa eman zion eta ohean etzanarazi zuen. Aitak bizilagunak abisatu zituen eta elkarrekin zuloaren larrialdia konpondu zuten. Bizilagunek, Petrosen balentriak entzun zituztenean zera esan zuten: hupa mutiko ausart eta sakrifikatua! hupa bere ausardia! Zorionekoak halako seme-alaben gurasoak.







No hay comentarios:

Publicar un comentario